MARKELIÑEK CHIHUAHUAKO NAZIOARTEKO JAIALDIAN HARTUKO DU PARTE

Abuztuaren hasieran Mexikoraino bidaiatuko dugu, Chihuahuako Nazioarteko Jaialdian “Kartoibiraka-Munduari itzulia 80 kaxatan” lana aurkezteko. Bidaia horren lehen geralekua Ciudad Juárezeko Benito Juárez antzokia izango da, abuztuaren 9an eta 10ean. Bertatik Chihuahuara joango gara, abuztuaren 12an eta 13an Teatro de la Ciudad izeneko antzokian aritzeko.

8 emanaldi izango dira guztira, eta emanaldi horietan munduan zeharreko bidaia aurkeztuko dugu, biltegi batetik abiatuta, kartoizko kaxatan. Abiapuntu gisa Jules Verneren “Munduari itzulia 80 egunetan” eleberria hartu genuen, eta irudimenaren bitartez bidaiatzeko izpiritu hori antzerkira zelan eraman galdetu genion geure buruari, ezustez eta iradokizun gozoz beteta. Horrela sortu zen “Kartoibiraka-Munduari itzulia 80 kaxatan”, 1998an estreinatu zenetik 600 emanaldi baino gehiago izan dituen antzezlana. Hainbat herrialdetan ikusi ahal izan da, Frantzian, Portugalen, Finlandian, Marokon, Suitzan, Kolonbian, Dominikar Errepublikan, Irlandan… Gainera, Haurrentzako Gijongo FETEN Antzerki Jaialdian “Ikuskizun hoberenaren”, “Zuzendaritza Hoberenaren”, “Talde Antzezpen Hoberenaren” eta “Argiztapen Hoberenaren” sariak lortu zituen, eta 2000. urtean “Haurrentzako Ikuskizun Hoberenaren” MAX Saria irabazi zuen.

Abuztuaren 1etik 24ra Chihuahuako Nazioarteko Jaialdiaren hamargarren edizioa egingo da, Ciudad Juárez eta Chihuahua artean. Hamar urte horietan, Jaialdia finkatu egin da, Mexiko iparraldeko jaialdi garrantzitsuenen artean. Horren froga, bere programazioan munduko txoko guztietatik heltzen diren oso proposamen anitzak biltzen dituela da.

Irudien galeria

foto31