ANDANTEk EUSKADIKO KALEKO IKUSKIZUN HOBERENAREN SARIA JASO DU

XVI. Umore Azokako epaimahaiak Euskadiko Kaleko Ikuskizun Hoberenaren Saria eman dio MARKELIÑEri, ANDANTE ikuskizunarengatik. Sari hori ematearen zergatiak hauek izan dira: “kalea izpiritu eraldatzaileaz betetzeko erakusten duen ausardiarengatik eta ikus-entzuleak atmosfera poetiko eta iradokitzailean biltzea lortzeagatik, kaleko antzerkiaren funtsezko elementuekin”.

Epaimahaiko kideak Filgi Claveri (Hamekako eta Lapurdiko Harri Xuri sorkuntza lantegiko arduraduna), Anna Giribet (FiraTàrrega), Elena Ros (ikuskizun ekoizle eta banatzailea), Fernando Marín (Kaldearteko-Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko Erakusketako Zuzendaria) eta Iñaki Ziarrusta (zuzendari, antzezle eta eszenografoa) izan dira.

Umore Azoka 2015eko maiatzaren 21etik 24ra egin da. Hiru egunez 50 talderen proposamenak aurkeztu dira, tartean 22 estreinaldi, eta 170 ikuskizun baino gehiago eskaini dira.

ANDANTE kaleko ikuskizun ibiltaria da, eta era poetikoan, hitzik gabe, eta zaindutako umorearekin, ahaztu behar ez genituzkeen istorioak kontatzen ditu. Gerra garaiko zapata anonimoen istorioak. Gureak izan daitezkeen zapatenak.

2014ko Fira de Tàrregan estreinatu zen.

Irudien galeria

19-ANDANTE-MARKELIÑE